OIARTZUN
Arditurri bidegorria: naturarekin bat egiteko aukera paregabea
Oinez, lasterka zein bizikletan jende ugari ibiltzen da bidegorrian eguraldi ona dugun bakoitzean
Arditurriko bidegorria naturarekin eta historiarekin bat eginez zabalik dagoen atea da; paisaia aberatsa eta anitza duten lurraldeetara garamatzan bide leun horrek edonor liluratzen du. Ordu gutxi batzuetan, bi mila urte baino gehiagoko historia duen bidea zeharka-tzen uzten digun bidegorri hori Oiartzunen dago, eta oinezkoen-tzako eta txirrindularientzako bakarrik dago irekita.
Arditurriko bidegorria, Oiartzun osoa zeharkatuz, hain ikusgarria den Aiako Harriaren magalean amai- tzen da. Oiartzun ibaiarekin bat egiten duen bide horrek trenbide zahar baten ibilbidea jarraitzen du, aitzinean erromatarrak Arditurriko meategietatik itsasora eramateko erabiltzen zutena. Egun, ordea, nidegorria Oiartzungo harana zeharkatzen eta naturarekin bat egiten duen bidea da.
Hasiera-hasieratik Arditurriko bidegorriak izan du arrakasta Oarsoaldeko biztanleengan, izan ere, eguneroko afizioa dute askok Bidegorriko bisita. Gehientsuenek oinez, beste hainbatek bizikletan eta korrika arnasten dute bertako aire naturala. Lasterka lagun asko ikus daiteke Donostiako Lilatoi edota Behobia-Donostia lasterketen garaian. Horietako bat da Iñaki Irastorza: «Urtean zehar ibiltzen naiz lasterka Bidegorrian barrena. Bidea nahiko egokia da korrika ibiltzeko. Gainera, inguru ederrak dira».
«Egunero etortzen gara»
Arraguako eta Ugaldetxo auzoetako sarreretatik abiatu eta lehenengo kilometroetan erruz ibiltzen da jendea, Fortaleza (Ergoien auzoa) bitarte. Bakarrik dezente, alboan txakurra hartuta. Dena den, oinezkoetan taldeak izaten dira nagusi. Lagunartean errazago pasa-tzen baita denbora, ziurrenik. Adinari dagokionez, ez dago mugarik. Erretiroa hartuta dutenak ere maiz ikusten dira. Pepi Aristizabal bezalaxe: «Nire ahizpa eta biok egunero etortzen gara oinez ibiltzera. Sasoian egoten saiatzen gara, eta lehen tuneleraino joan-etorria egiten dugu». Familia ugari ere inguratzen da Arditurriko bidegorrira, seme-alabekin gozatzera. Bizikletan, nahiz oinez, ederki baliatzen dute horiek ere bide leuna. Horren adibide Imanol Martinezen kasua. Alegian bizi dira eta opor hauetan Arditurriko meazuloa ezagutzera etorri dira. «Asko gustatu zaigu. Orain Bidegorria ezagutzen ari gara, bizikletan. Txokoren batean bazkaltzeko asmoa dugu. Oso gustura gabiltza eta berriro itzuliko garela ez dugu zalantzarik».
Hori bai, Olatxeko baserritik aurrera ozenago entzuten da txorien kantua. Hala ere, Arditurriko meategiaren sarreraraino iristea gustukoa dute askok eta askok. «Oporretan etortzen naiz, bestela ez baitut astirik. Gaur bukaeraraino iritsiko naiz, eguraldi ederra dugu eta», dio Izaro Toledo ikasleak.
1992an irekia
1992. urtean hasi ziren Arditurriko bidegorria irekitzen, Kilometroak 92 zirela medio. Garai hartan Jon Iñarra zen Oiartzungo alkate eta ia egunero bidegorrian barrena ibiltzen da, Maria Angeles emaztearekin batera. «Ia egunero etortzen gara, gure itzulera ematera». Gogoan du Iñarrak 50eko hamarkadan Ugaldetxo eta Altzibar bitartean bulebarra eraikitzeko proiektua. «Orduko herriko agintariak jabetuta zeuden garai bateko tren bideari etekina atera behar zitzaiola», argitu du alkate ohiak. Gero, bertan behera utzi zuten proiektua, 90eko hamarkadaren hasiera bitarte. «Gaur egun Aiako Harriaren magaletik Donostiaraino joan daiteke oinez nahiz bizikletan. Hori gauza ederra da». Arditurriko bidegorria izan zen Gipuzkoan eraiki zen lehenetarikoa, eta berehala izan zuen arrakasta Oarsoaldeko bailaran. Leku kuttuna baita, ezbairik gabe, egunero bisitatzen dutenentzat.
Laster bisitari berria
Kukua ere laster arrimatuko da Bidegorrira pozik, eta kantuan adituko dugu. Aurtengo martxoa ez da oso goxoa eta epela izan, hortaz, ziurrenik berandutu egingo da haren bisita. Eta badakizue kukua udaberriaren iragarle dela, neguaren adioaren seinale. Eta kukua entzutean patrikan dirua baldin badugu, urte osoan txintxin, diru-hotsa, bihotzean poza. Kantak hori dio, behinik behin.